sábado, 28 de noviembre de 2009

Bitxikeria: Ba al zenekien......?

psicomotricidad
Ba al zenekien, orain dela 15 urte, gaur egungo Gizarte-gelan psikomotrizitate gela zegoela?
Ba bai, horrela da. Bertara joateko irrikitan geunden garai hartako ikasleak. Noizbeinka bertara gerturatzen ginen. Pasabidean zeuden jesarlekuetan zapatak kendu eta oinutsik geundela, bagenuen bertara igarotzeko baimena.

Gelako sorua, oinak bero mantentzen zizkizun moketa batez estalirik zegoen. Gela hartan, ordu betez primeran pasatzeko hainbat material zegoen: Koltxoneta erraldoiak, uztai piloa, forma geometriko desberdinetako kuxinak, kololerako sokak, etab....

soka

Zoritzarrez, urteak aurrera zindoazela, gela hori gero eta gutxiago erabiltzen zen...
Oraindik gogoratzen dut, gela zoragarri horretan egon nintzen azken eguna: Euskerazko ikasgaian bideo bat ikusi behar genuen, 5.mailan geunden. Klaseko bideoa apurtuta zegoenez, ni eta beste 4 lagun psikomotrizitate gelara bidali gintuzten, bideoa bertan ikusteko. Egia kontatu behar badizuet, bideoa ikusi genuen bai... baina irakaslea gure bila etorri zenean, izerditan aurkitu gintuen... Gela agurtzeko modu polita izan zen hura!

miércoles, 25 de noviembre de 2009

Soka saltoa

Gure garaian, soka-saltoan neskak ibiltzen ziren gehienbat. Beraiei abestea gehiago gustatzen zitzaien guri baino. Guztiok dakigu astiro eta gure erritmora saltoak ematen, baina abestiak arinago abestu ahala erritmoa ere gora doa eta hor ikusten da benetako trebetasuna.

Gainera, ez pentsa soka-saltoan ibiltzea beti erraza denik. Imaginazioarekin gauza eta jauzi mota desberdin ugari egin daitezke. Hortaz, soka-saltoaz barre giten duzuenok, ikusi hurrengoko bideo hauek eta imitatu eurek egiten dutena. Seguru barregura kentzen zaizuela! Oso trebeak dira, ikusi:




Harrituta ezta? Zuek patioan ere saia zaitezkete, baina kontuz! Hezurrak apurtu gabe e! Horretarako hemen ipiniko dizkizuegu soka-saltoan lasaiago ibiltzeko kanta pare bat:

Iraupena neurtzeko balio du honek.Zenbaki bakoitzean salto bat eman behar da:

Aita, ama, zenbat urterekin ezkonduko naiz? Txikia naiz eta ez dakit. Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi...


Hona hemen soka-saltoan ibiltzeko beste jolas bat:


1-.Bi lagunek sokari eragiten diote eta beste bat saltoka arituko da abestiak irauten duen bitartean.

Salto egiteko modua ezberdina da abestiaren bi zatietan.

2-.Lehenengo zatian saltoka ari den lagunak bi salto sokaren gainetik eman behar ditu eta jarraian beste bi salto sokaren azpitik:

TXANTXIBIRI KAMINO: hiru salto arrunt
EZ DAUKA DIRURIK: sokari eragiten diotenek soka altxatuko dute eta saltatzailearen buru gainean sokari bi bira emango dizkiote.

Mugimendu berak errepikatuko dira hurrengo sei esaldietan.


3-.Abestiaren bigarren zatian salto guztiak soka gainetik egin behar dira, baina abiadura aldatuta. Zenbakiak abesterakoan poliki egin behar dira saltoak. TXANTXIBIRI esaterakoan, ordea, bi salto azkar egin behar dira.


Badakizue, irudimenarekin, dakizkizuen kantak jolas bezala molda ditzakezue. Hemen bi adibide labur jarri ditugu, baina askoz gehiago daude.

Kromoak: 1994ko Futbol mundiala!

url
Datorren urtean 2010ean, berriz ere, 4 urterik behin ospatzen den Futbol selekzioen arteko munduko txapelketa ospatuko da. Orain dela 15 urte, 1994an Estatu Batuetan ospatu zen txapelketa bera. Garai horretan, kromo bilduma ugari egiten genuen, eta zihurrenik arrakasta gehiena izan zuenetariko bat, USA' 94 izan zen, munduko txapelketa horren inguruko bilduma, hain zuzen ere.

3 kromo mota desberdin zeuden:
- Jokalarienak (Jokalari bakoitzak berea zuen)
- Selekzioen armarrienak
- Selekzioen taldeen argazkirenak (Selekzio bakoitzeko jakalari, entrenatzaile eta teknikoak agertzen ziren).

kromoak

Liburudendetan erosten genituen kromo horien gutunazalak. Azal bakoitzean 5 kromo zeuden, eta 25 pezetako (0,15 euro) salneurria zuten. Zenbat eta azal gehiago erosi, gero eta kromo gehiago errepikatzen zitzaizkizun; eta noski, errepikaturiko kromoak trukatzen aritzen ginen jolastorduetan.

Kromo preziatuenen artean, Julen Guerrerorena eta garai hartako Barça-ko jokalarienak ziren (Romario, Koeman, Stoichov...). Horietako kromo bat 4 edo 5 kromoetako balioa zuen, eta hainbat kromoen truke aldatzeko aukera zegoen negoziatzaile ona baldin bazinen.

domingo, 22 de noviembre de 2009

Txapak

Txikiak ginenean etengabe aritzen ginen txapekin jolasean. Askotan txirrindularien argazkiak hartu eta txapetan itsasten genituen. Horrela, jokalari bakoitzak hiruzpalau txapa zituen, bakoitza pisu desberdin batekin, zirkuitoaren zatiaren arabera bat edo beste aukeratzeko.

Txapak prestatu:


- Lehenengo freskagarri, garagardo edo dena delako edari baten botilaren txapa batzuk bilatu behar dira. Xanpain botilen txapak ere balio dute, oso arinak eta bizkorrak dira eta.
- Nahi izanez gero, bigarren pauso honetan, txapei pisua ezartzen zaie. Nola? Guk laranjaren azala, kaleko ostoak, plastilina, bela baten argizaria etabar erabiltzen genituen. Modu horretan txapa bakoitza pisu bat hartuko du, gero, zirkuitoen atal zailenetan pisudunak aukeratzeko eta atal zabal eta luzeetan pisurik gabekoak.
- Azkenik, nahi izanez gero, txirrindulari baten aurpegiaren argazkia itsatsi lekioke txapari. Guk "esprinter-en" argazkiak txapa arin eta azkarrei ipintzen genizkien eta "eskalatzaile-en" argazkiak txapa pisutsuenei. Modu horretan, gure txirrindulari taldea prestatzen genuen, esan bezala, zirkuituaren arabera bat edo beste erabiltzeko. Nahi izanez gero, beste pertsonai batzuen aurpegiak ipin daitezke edota ezer ez ipini. Bakoitzaren aukera.

Zirkuitoa:

- Zirkuitoak era askotakoak izan daitezke, baina egokiena eta dibertigarriena, zoru lau eta gogor baten egitea da txapak irrista daitezen. Etxeko alfonfra gainean ere egin daiteke, adibidez, baina ez da gauza bera izango.
- Kalean klarion batekin marraztu daitezke nolanahiko zirkuituak baina kalean aurkitzen ditugun elementuak ere aprobetxa daitezke edota bien arteko konbinaketa bat egin: zirkuitoa marraztu eta kaleko elementuak aprobetxatu, hala nola, bankuak, espaloiak, baldosen marrazki/formak...

Arauak:

- Azkenik, lagunekin elkartu eta jolasa arautzea besterik ez da falta (zenbat toke kopuru tanda bakoitzean, zirkuitotik irtetzean zer gertatzen den, zirkuitoko atal espezefikoen arauak, buelta kopurua, etabar).

miércoles, 18 de noviembre de 2009

Tronpa!

Nor da tronpa bat etxean ez duen edo inoiz izan ez duen gizakia? Gu ez, noski! Txikiak ginenean oso tronpazaleak ginen, denbora mordoa pasatzen genuen tronparekin jolasten. Batzuetan, kalean egoten ginen argia joaten zen arte.













Gutariko batzuk tronpa bat baino gehiago genituen, bakoitza kolore batzuekin margoztuta edota txintxetekin apainduak. Puntak ere aldatzen genizkien eta jolas mota bakoitzerako tronpa bat genuen. Adibidez, iraupeneko jolasetarako hobeagoa da punta borobilduna duen tronpa, denbora gehiago iraungo du eta. Baina tronpa bat bestearen kontra botatzera jolasten genuenean, "piketeetara", punta zorrotzdunak erabiltzen genituen, besteenetan kalte handiagoa egiten dutelako.


Hemen duzue tronpari buruzko web interesagarri bat. Anima zaitezte, Nintendo-a utzi eta jolastu horrelako jolasetara!! Gero eta trikimailu berri gehiago froga ditzakezue tronparen profesionalak bihurtu arte.